Hilargi Jaunarena (Etxerat elkarteko kidea):
"Etxeratetik, beste behin ere, indarrean dagoen espetxe politika kriminalaren ondorioak berriz ere salatzera behartuak gaude. Maiatzean, hamarnaka euskal preso politiko trasladatuak izan ziren. Rubalcaba ministrariak 14 kasu konfimatu zituen aurreko astean eta espetxe batzuk laborategi gisara erabiltzen ari zirela aipatu zuen. Lotsa gutxi behar da!
Gezurretan ari da beste behin ere. Maiatza osoan zehar eta ekaineko lehen astean zehar emandako destinu Leku-aldatzeak 73 izan dira. Horien artean, hamarnaka euskal preso politiko are gehiago urrundu dituzte. Beste batzuk, borrokaldiren bat burutzen ari zirenean trasladatu dituzte, Jaenen kasurako. Eta ezin dugu ahaztu, leku aldatze batek sekulako ezinegona eta kezka sortzen duela senide eta lagunon artean.
Izan ere, zer suposatzen du traslado batek? Kasik bi astez gure senide edo lagun presoaren berririk ez izatea. Ez jakitea ez nora eraman duten, ez non dagoen ezta nora eramango duten ere. Bere eskubideak behin eta berriz urratzen dira. Bidaiak oso baldintza eskasetan burutzen dira furgoi polizialaren barruan eta kasu askotan, espetxe berrira heltzerakoan, presoari hainbat gauza lapurtu edo galdu dizkiote.
Giza eskubideak erabat urratzen dituzten egoerak dira. Euskal preso politikoen bizitzak arriskuan jarriz eta hori guk inolaz ere onartuko ez dugun egoera bat.
Indarrean dagoen espetxe politika laborategi errepresibo erraldoia da. Euskal preso politikoak euren inguru sozial, afektibo, kultural eta ideologikotik erabat aldentzeko neurri berriak martxan jartzen dituzte. Xantaia etengabea da, euskal preso politikoentzat, senide eta lagunontzat eta orohar euskal jendarte osoarentzat.
Etengabeko xantaia. Helburu politikoak bilatu eta eskubide urraketa ahalbidetzen duen xantaia. Horretarako, espetxe politikak suposatzen duen laborategi errepresiboa gogortzen dute. Sakabanaketak bertan dirau eta ezin dugu ahaztu sakabanaketak hil egin duela. Asteburu honetan bertan, Sonia Jacinto euskal preso politikoaren hiru lagunek istripua izan dute Estremerako espetxetik bueltan. Guztik kolpe ugari dituzte gorputz osoan, bati lepokoa jarri behar izan diote eta une honetan hirurak bajan daude. Kotxea erabat txikituta geratu zen.
Xantaia ere Nahaia Aguado presa politikoak pairatu duena. Berriki Langraitzeko espetxera trasladatu zuten bere amamaren osasun egoera larria dela-eta. Bertan, funtzionari batek, damuketa eta autoinkulpazioa zekarren paper bat sinatuarazi nahi izan zion. Nahaia ukatu egin da. Gogoratu beharra dago Nahaia iazko urrian 36 euskal gazte independentistaren aurkako operazioan atxilotu zutela eta sarekada horretan, gehienek torturatuak izan zirela salatu zutela. Nahaia presa prebentiboa da eta oraindik epaiketaren zai dago.
Horrekin batera, kartzela batzutan aurrez aurreko bisitak galtzen dira oraindik ere katxeo umiliagarriak direla-eta. Kasu batzutan, bederatzi hilabetez kasi luzatu den neurria da. Bederatzi hilabetetan zehar milaka aurrez aurreko galdu dira. Bederatzi hilabetez lapurtutako besarkada, muxu eta laztanak. Baina ez hori bakarrik, orain aurrez aurreko bisitetan sar daitezkeen pertsona kopurua murriztu nahi dute, baita seme-alaben kasuan ere.
Etxearetik besarkada bero bat helarazi nahi diegu borrokaldi dinamikan sartu diren 14 espetxetako euskal preso politikoei. Gure babes osoa dute. Gogoratu behar da, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa borrokaldi iraunkorrean murgilduta dagoen 2010 urtea hasi zenetik.
Euskal Herrian eta atzerrian beharrezkoak diren ate guztiak ukituko ditugu euskal preso politikoen eskubideak defendatuak izan daitezen. Ostiral honetan bertan, Puertoko espetxetara Nafarroatik antolatu den martxan parte hartzeko deia luzatzen dugu."