·
euskara
·
castellano
·
français
·
english |
|||||||||||||||||||||
|
|||||||||||||||||||||
Gatzak 28 urte espetxeraturik (08-07-11) "28 urte bete dira gure senide Jose Mari Sagardui Moja metraileten indarrez bere etxetik eraman eta bortizki torturatu zutenetik. Sagardui Moja sendiarentzat krudelkeria eguneroko ogi bilakatu zenetik. 28 urte dira jada Jose Mari Sagardui Moja egunez egun baldintza ezin gogorragoei aurre egiten ari denetik: senide, lagun eta herriarekiko urruntasun fisikoak, eta, burkideekiko sakabanaketak dakarren isolamenduari; egunean 20 ordu ziega ziztrin batean giltzaperatuta igaro behar izateari; edonor bere buruaz beste egitera bultzatu dezakeen egoera noiz bukatuko den ez jakiteari. Gatzak, egun, bere alaba ikastolara eramaten; gurasoekin bazkaltzen edo neskalagunarekin paseatzen egon beharko zukeen. Aspaldidanik aske beharko zukeen, baina une honetan ziega batean giltzaperatuta izango dute, bere bizitzako azken 28 urteetan bezala. Pentsamendua, ordea, Jaenen baino Euskal Herrian izango du. Bere alaba Goiztirirengan, emazte Kontxarengan, guraso Santos eta Begorengan, edo, urte hauetan Madrileraino, Mallorkaraino edo Andaluziaraino bisitatzera joanez, ala, eskutitzen bitartez alboan izan dituen senide eta lagunengan. 28 urtetan krudelkeria hutsa jasanik ere bizirik jarraitzeko indarra eman dion herria eta herritarrak izango ditu pentsamenduan. Guk, aldiz, beraiek ditugu buruan. Maite ditugulako, bizirik eta etxean behar ditugu. Horregatik kokatu gara gaur hemen. Aurrez aurre dugun PSOEk urrundurik, beraien artean sakabanaturik, eta, bizi baldintzarik gogorrenetan mantentzen dituelako gure senideak. Gatza. Gatza bezala espetxe zigorrak beteta izanik kalean beharko zuketenak. Ibañez, Barandalla, Figeroa, Agirre, Rego,... larriki gaixorik egonik ere askatzen ez dituenak. 28 urte horietan 22 preso eta 16 senide hil dizkiguzue zuek indarrean jarri eta egun mantentzen duzuen espetxe politikarekin. Hamarnaka preso larriki gaixotu dituzue. Ehunka senide zauritu dituzue. Krudelkeria hori guztia jasanik ere, beraien alboan egoten jarraitzen dugu. Eta, beraien eta gure eskubideen defentsan kaleratzen jarraituko dugu. Zuen aurrean kokatzen jarraituko dugu. Horrenbeste urtez, egunez egun krudelkeria hutsa jasanik ere bizirik badira, eguneroko maitasun agerraldi horiei guztiei esker delako. Ildo honetan, eta, jakin berri dugunez, biharko Zornotzako herritarrek Gatza eta bere senideek azken 28 urte hauetan jasan duten eta, egun, jasaten ari diren krudelkeria salatzeko antolatua zuten ekitaldia debekatu egin du gaur bertan Ibarretxeren Gobernuak. Horren harira, ondokoa azaldu behar dugu: Ibarretxeren Gobernuak gure eta gure senideen sufrimenduarekin amaitzeko lan egin beharrean, sufrimendu hori ezkutatzen jarraitzen du. Hori erakusten digu debeku honek. Estatuen krudelkeria ezkutatzearekin, bi estatuei gure eta gure senideen biziekin jolasten jarraitzeko txeke zuria eman die. Ildo horretan, zera exijitzen diogu Ibarretxeren Gobernuari: bihar Zornotzara joango garenon artean terrorerik ez zabaltzeko. Bertaratuko garen haur, gazte, heldu, eta, adinduak ez kolpatzeko. Haserre gara, honek guztiak gure sufrimendua areagotu egiten duelako. Gatza, maite zaitugu. Maite zaituztegu. Euskal preso eta iheslariak, etxera!"
|
|||||||||||||||||||||
|
|||||||||||||||||||||