·
euskara
·
castellano
·
français
·
english |
|||||||||||||||||||||
|
|||||||||||||||||||||
Euskal Herriak bi estatuekin duen gatazka politikoaren ondorioz, gure 2000 senidetik gora ihesean dira. Egoera ezberdinak dira iheslari politiko horien artean. Asko ez dakigu non eta zer nolako egoeran bizi diren ere. Benetan gogorra da norberaren seme-alabak, gurasoak, lehengusu, osaba izeba ala lagunak non eta nola diren ez jakitea ere. Ildo horretan salatu egin behar dugu, egoera horren jakitun, eta, polizi interesak eta samina oraindik eta gehiago hedatzeko helburuarekin, zer nolako trikimailu ankerrak erabiltzen dituzten estatuek. Iheslarien heriotzen osteko izen dantzak horren erakusle izaten dira. Baldintza gordinenetan, Euskal Herritik milaka kilometrotara, Uruguaien, Venezuelan, Panaman, Kuban, Mexikon, Belgikan, Cabo Verden, Sao Tomen, Portugalen eta beste hainbat herritan bizi diren iheslariak ere baditugu. Senide horiek bizi baldintza gordinenetan bizi dira, gehienak inongo dokumentu legalik gabe, izen-abizen, nazionalitate eta herritartasunik gabe, balore oso ezberdinetako herri eta kultura arrotzetan, hortze mugarik gabeko egunerokotasunean, edozein unetan atxilotuak eta espainiar Estatura estraditatuak izateko arriskupean. Hala ere, duintasun osoz, herri horietan integratu eta lagundu egiten dute gure senideek, beraien ezagutza eta elkartasuna tokian toki zabalduz. Ikusi besterik ez da herri horiek, norbanako nahiz eragileek, momentu zailenetan gure senideei eskaini dieten babesa, euskal iheslari politikoek maitasuna eta elkartasuna mundu osotik barrena zabaltzen ari direnaren erakusle. Badira ere sorlekutik kanpo baina, Euskal Herrian, Ipar Euskal Herrian bizi diren iheslariak. Hauen egoera ez da xamurragoa, 80ko hamarkadan euskaldunak deportatu zituen estatuak, egun, euroagindua baitabilki, besteak beste, gure senide iheslari politikoen aurka. Edozein unetan atxilotuak eta espetxeratuak izateko arriskuan bizi dira beraz. Iheslari politikoen senide eta lagunek ere, maitasuna eta elkartasuna adierazteko, milaka traba gainditu behar izaten ditugu. Tokian tokiko errealitateetan murgildu behar izateari eta, bidaiek sortarazten dituzten arrisku eta gastu ekonomikoei aurre egin behar izateari, estatuen errepresioa gaineratu behar diogu. Hainbat senide eta lagun atxilotuak eta espetxeratuak, beraien kontuak blokeatuak... izan baitira gure senide iheslari politikoak ekonomikoki laguntzeagatik. Honen guztiaren aurrean, Etxerat elkartetik gure senide eta lagun iheslari politikoei dagozkien eskubide guztiak bermatu eta Euskal Herrian libre bizitzen utziz, egun beraien aurka indarrean duten errepresioa alboratzeko deia luzatzen diegu espainiar eta frantziar estatuei. Izan ere, gure senide iheslari politikoen aurka egun indarrean dituzten salbuespen neurriek gatazka elikatu eta heriotza eta samina hedatu egiten dute. Herri honek behar duen konponbiderantz pausuak eman behar ditugu guztion artean, atzeraezinezko pausuak, eta, alor horretan ere, herri honi mendeetan gatazka eta sufrimendua baino eskaini ez dioten estatuek euskaldun orok Euskal Herrian libreki bizitzeko duen eskubidea bermatu beharko dute. Aski da beraz errepresioaz! |
|
||||||||||||||||||||
|
|||||||||||||||||||||